Gure erresumaren egoera honetan



I

«Egiazko hixtorioaren urtez-urtekoan, konkesta, harmen bidezko zerbu-hartze ta ohointza, indar basaren erregegoa, horik dira ta izan dira betiko irabazle. Esku-liburu dohatsuetan berriz, eten gabeko maitasunipuinak». Jende gaixoak ahultzekotz asmatutako ipuin faltsuak, indartsuen zerbitzurako.

Honerako munduan, ez dira herri «on, eder, eta bihotz-samur»-ak irabazle, bainan indartsu, aberats, gogor ta maltzur izaten ikasi dutenak. Politigoaren har-emanak, gizarteen arteko indar haundietan dute funtsa ta hel-buru. Legezko ordreek beraz ere bai, har-eman horien barnean dagoz-eta.

Holakoa ulertu ez duenak zein mundutan bizi den ere ez daki. Bihotz onarena eginik ere, etsaien morroi besterik ez da, bere herriaren arrisku ta kaltez. Hoinbesteraino ergeldu den - edo ergeldu duten - herria ez da luzaro honerako munduan egonen. Auzoko edo urrungo gizarte azkarrenek irentsi ta suntsituko dute ahalik lasterrena, naturazko selekzioaren legez. Dena pleini edo lausenguz arizan daiteke, nagusien eskuak, oinak edo berdin ipurdia ahalik eta hobeki besarka, hainbat gaizto ta erruki-gabeago etsaia. Handik beretik segur baino segurrago ikusten bai-du zein ponturaino den indar-gabeko, motel, kaskarra eta ezerrezteko-errexa holako gizartea.

«Orotatikako indarra» egunero arbuiatzen dituzte hortzetaraino harmatu gobernuek, duten ahalmena muga-gabeko indarkeriaz lortu ta gorde dutelarik. «Helburu eder, iustu, bikain eta maitagarrienak ere odol-tanto bakarra ez du balio». Odol-tantoak ezik odol-ibaiak hedatu dituzte ta hedatzen holako gaizki-gileek, berriz hedatzeko prest dagoz halako fartzuntziak.



II

Euskal-herria betidanik errotua dagola lurralde hauetan, lasterrenik eta biziki ontsa jakin zuten lehengo euskaldunek ez dela indarraren bidez funtsatu ez den gizarte, lege edo eskubiderik. Beraz, bide horretatik lortu ta segurtatu behar zutela hain beharrezko zitzaioten askatasuna.

«Europe-n barna hedatu ziralarik, indo-europarrek indarraren bidez gibel-arazi zituzten lehenbiziko biztanleak, euskaldunak eta lapoinak beren lurraldetik ihardokiz», «Euskaldunen arraza bitxi hori, arienek eiztatu ta egotzia», «menditar arraza bikaina» bilakatu zen noizean behin, salbai, erahil eta lapur-arraza madarikatua gehienetan. Laster konturatu ziren arrotzak nolako gaizto ta balio-gabeko zeuzkaten hemengo biztanleak. Herri honen aurka entzun eta irakurtzen ditugun laido berberak, orobat entzun eta irakurtzen dire mundu osoan zehar, gizarte berezi baten bat menperatu eta suntsitu nahi izatekotan.

«Heien arpegi basa erruki-gabeko eta barbar-hizkera horiek ikaratzen dituzte ikusliarrak». «Eze, nahiz oraiko Euskalherritar bakhetsuek ahantzi duten, dirudinez, bi aldiz gure arbasoak beren Ipharr eta Hegoialdeko hauzoen bildurra izan ziran: lehen aldikotz, Pyrineuz haraindiko aldiriak Garonna ibairako - eta haratago ere - errhautsi, soildu eta bereganatu zituztenean Nafarroko menditarrek; bigarrenekotz, Hispaniaren reconquista zela zio, Nafarrtar Statua eraiki zutenean Afrikatarren aurrkha...bai eta auzo khristauen aurrkha ere. Hauk dira gure historia moderneko egintza nagosiak; hauiengatik batez ere, zuzenbide dugu euskaldunen izenaz burgoi izaitera, enda sentho eta azkarr bat izan garela baiterakhusate». Dena den, aberastasun haundiak utzi ez ba-dizkigute, ez-eta zientzi-altxor muga-gabeak ere, gure arbasoen gandik izan dugu, besteak-beste, askatasunaren amodio eten-gabea, bai-ta haren etsaien aurkako gorroto ezin-asea ere.

Erroma-ko despotizgoa gero ta ahultzenago zelarik, jerman barbarrek «Europe bizkortu zuten». Horretarako «eman zuten bizi-indar ta orhantza bizgarriak barbartasunetik zedukaten». «Beren askatasun-gogoak eta demokrazirako oldeak kudeaturik,» «familiako- aitak zuen jabegoa eztitu zuten, mundu klasikean inoiz izana zuen leku goratua eman zuten emazteari».

«Antzinako esklabuek eta langile modernuek aurkitu ez zituzten lekuko-elkargo estuak, barbar heiek eman zizkioten nekazarien menperatutako klaseari, Erdiaro-ko zerbutzaritza gogorrena jasan behar zutelarik ere». «Aspaldiko munduan esklabugoa bukatzeko matxinada garailerik inoiz ikusia ez zelarik, Erdiaro-ko serbuek irabazi zuten emeki-emeki beren klase- askatasuna, jermanen barbartasunari esker». «Azalez hain agor ziruditen larrehun urte heien etorki haundia bederen, nazioi modernuak, gizadiaren organizazio ta eraikidura berriak Europe-ko hixtoriarentzat».

Asiar - edo Sortaldar - despotizgoa berriz ere jabetzen ari zelarik Europe-ko sartaldean- goiti, muga gabetan zabaltzetik debekatu zuten beste herri «barbar eta basa» batzuk. Beren askatasunaren aldeko borroka etengabekoaren bidez, guztien hixtorioan ere egiteko-berezia bete zuten, feudu-aroa ere holatan idekiz, bai-ta demokrazi berriaren oin-arriak plantatuz ere. Heien artean euskaldunak ere zegozen. «Hixtorioan agertuak zirenetik, askatasunaren lehia basa ta berezia izan zen euskaldunen ezaugarria. Erromatarrek ez zituzten inoiz ere osoan menperatu, wisigotek ere ez, muslimek are gutiagoz». «Euskaldunen Duk» izenekoek egindako saio haundiaren geroztik, beste erresuma gotorrago baten muntatzeko ordua zen.

«Roncevaux» zirelakoetan irabazleek ulertu omen zuten hartarako beharra, bai-ta ahala ere. «Berriz ere erakutsi zuten euskaldunek beren gain bizi izateko ahalmena, eta VIII-ko azkenean edo IX-ko hasieran beren erregego sendo berezia eraikia zuten». «Erdiko Pyrene- etako euskaldunak, napartarrak izena ematen ziotenak, berenetik bizi ziren heien aranetan. Berek ere, azkenean, konstituzio berria hautatuz erregego berezia sortu zuten, 900 urtearen inguruan argiro ikusten dena». Erregetza hari bermatuz eraikitako euskaldun Erresuma beti dago gurea, ez-bai-dugu euskaldunoek besterik onhartu, ez aitortu. Hori dugu egun ere euskal-nazioaren erresuma bakarra.

Mundu mugikor haretan, ez zen gauza errexa hauzoekin har-eman egonkorrak gorde ta hazitzea, Friburg-en (887), han jokatu zuten erregegoen ber-ezagutza izanik ere.



III

Aldaketa-aro luze hartan Apokalipsi-ko zaldunak sartalde-ko munduan goiti ibilki, denetan guda, gose ta izurrite, jendea euliak bezela hil-araziz. «1315-1317 urteetan Europe osoa erhautsi zuen gosete izugarria lehenagoko beste edo-zeinek baino galtzapen haundiagoak kausatu zituen, irudiz». «Eriotz beltza» izeneko izurritea erresuma guztietan zabalduta behin eta berriz hasten zelarik, (1347-51 urteetan gailurra), jendearen herena-edo hil omen zuen. «Hixtorioan aipatutako izurrite guztietan hura izan zen eztabaidarik gabe ikaragarriena». XIV eta XV-etan, eten-gabeko gudak eta janarien eskas errelatiboa izan omen ziren kalte-katearen hasiera, ohiko-zikinkeriak eriaren bidea paratzen zuela. Bizirik egon ziren zerbuak nolaz-bait askatu zituen iraultzale ikaragarri harek, jende-janari ta lur-lan arteko kondizioak ankazgora emanik, Malthus-en erako bilkuma bukatuz epe baterako. XVII-an izugarrizko hotzetik hasi zateken katea, ondu baino lehen lur-emaitzak ustelduz, ibai ta itsas-bideak izoztu ta ebakiz, janari-eskas errelatiboak berriz ere gosete-izurrite berrientzat funtsezko-kondizioak ezarriz, beti gudak eta zikinkeria naskagarria lagun. Hala ere, XI-an, lur, esku-lan eta merkataritza hobetzeko asmaketa ohargarriak lortuak ziren, Erdi- aroko azkeneko-aldian orotako kondizio berrien-barne baliatzen ari zirenak. Lurren jabetasunak forma berriak hartu zituen. Hartaraino Eliza, errege, uri-udalek, gilde ta korporazioek legeztatzen zituzten lanaren har-emanak ere aldatzen ari ziren, mendez-mende eta borrokaz-borroka bidea luze izanik ere (XIII-XVIII).

Ehun urteetako (1339-485) gudaren geroztik, laster itzali ziren Europa-ko feudu- erregegoak. Hainbestenaz, herrien askatasuna ezin-bestezko beharra gero ta argiago agertzen zen, aro modernuetan abiaturik. «Hizkera bateko herri-taldeak finkatuz-gero, horietan funtsa hartu zuten erresuma berriek ere». «Naturazko-mugak hizkera berezi horiei egokitu zitzazkioten, bai-ta elkarren ganako lehiari ere». «Nazio berezi batzu metatzen duten erresumak, gibel-egoera batetan gelditurik agertzen zaizkigu». «Nazio bateko erresuma dugu kondizio modernuai hobekiago dagokioten erresuma-forma». «Kapitalizgoaren desitzulikatzeko kondizio onenak eskeintzen dizkigu nazio-erresumak».

Denen buru, «bere arrakastaren beraren gaitik bukatua zen feudu-ordrea». «Kapitalizgoaren ekonomi ordrea, feuduzko ekonomi ordrearen sabeletik sortua da». Aldaketa oro lastertzekotan, indarra izan zen «lehenagoko-soziedadearen emagina». «Bere xularme guzietatik odol eta bustin zariola etorri zen kapitala mundura». «Indarra ekonomizko-egile bat dugu». Bai-ta askatasuna ere. Politigoaren ahalmen haundiagoak neurriztatu eta banakatu egin ziren neurrian, aurrera eragin zuen demokraziarako indarrak. Holako gauzak ez ziren halabainan ordre orokor eta berdintsuan gertatu, nahiz-eta hixtorio konparatuari so, maizetan atzematen dira iduriko eta elgarrekilakoak. «Holland-en, aldatzen ari ziren kondizioek merkatari-oligargo batera bideratu egin zuten. England-en, borroka- urteak iraganez-gero, Koroiaren gainetik parlamentiaren jasotzera. Eta bietan, ekonomigoaren haunditze egonkorrera». Kultur-bideak orobat berriturik, emaitzak nabari dagoz orduko jakintsu, idazle edo margolariengan. Giza-elkarteak bateratzen, bereizten ta zatikatzen zirelarik, bide beretik errelijioak ta pentsaera guztiak ere. «Ikuspegi frango zedukan egiak, maizetan errelatibua zen. Erakaspen hori beretu ta aprobetxatu ahal zuten nazioek berentzat ukanen zuten etorkizuna.» «Frantzi ta España-n, gradoz-grado, ordezkari- batzordeen ahalmena alde bat egotzi zuen errege-indarrak, eta produkzio-eragile zen ekonomi-egikera hondoratu. Frantzi-ko kasuan erortzea errelatibu izan zelarik, España-n berriz absolutu gertatu zen».



IV

Behereko-herri-etan, orotako kondizioak hobetu-arau, gose ta izurriteen «laguntzarekin» lortu zuten nekazariek zerbutzaritzaren itzaltzea (XI-XIV). Askatasun berriak mugatzeko edo-ta atzera egiteko legeak ez ziren horrenbestez bukatuak (1537, 1614, 1649), «bigarren zerbutzaritza» abiatuz-gero. Langileak eta lan-modu berriak ertsatzen zituzten gilde, korporazio, udal eta erregearauak ahuldu edo kendu-egin ziren pausoz-pauso edo borrokaz-borroka (1225, 1237, 1280, 1302, 1323, 1328, 1337-61, 1382), lan eta klase- egikera modernuak ager-araziz. Oso goizetik konturatu ziren Burgundy-ko dukeak produkzioa ta merkataritza eustean eta bultzatzean zutela beren interesa, beren mozkinak ere hondoratu eginen lituzketela ordean, urrezko-arrautzen oilo errulea hil-zorian emanez neurri- gabeko zergen pean. Nolaz-bait elkartu ziren beraz dukeak eta merkatari argituenak, biltzar generala eta probintzien ordezkariak, gobernuaren ahalmena mugatzeko eta ekonomigoaren aurrerakuntza segurtatzeko, denen probetxu, lan-tegien egikera berriak eta lur-laborantza joria bultzatuz. Hoin laster, Europe-ko feiri haundienak eta luzeraneko merkataritza modernua beren eskuetan zeukaten Behereko-herri-ek. Itsaso batetik bestera zabaldutako erresuma hura europear ekonomigoaren ardatza bilakatu zen. Klaseen arteko oreka berria heldu, errelijio, izkuntza, kultur osoan askatasun-haize berri emankorrak zabaltzen zirelarik.

Handik-beretik auzoko erresumen gutizia biltzen. Pake-aroan ere pausatu-gabe, pirat eta korso-gileek bai-zuten «ikaratzen holenfrasen ibarra». Frantzi-ren erasoa aurretik eta neurri batetan baztertua zegoen (Courtrais 1302, Gant 1337, l'Ecluse 1340). España-ko gobernua aldiz nagusitu zen gerokoan, luzarogabe Amazazpi Probintzi-en lege ta eskubide oro oinperatuz. Inkisizioaren ankerkeriak, (1523-an asia zen holandar fede-gaiztokoak bizirik erretzen), neurri-gabeko zergak eta besterik ezin-jasanez, «Zorritsu» zeritzatenen eskaera apalak ere mesprexaturik, asi ziren matxinada ta jazarmenak (1566). Ezagun zuten - eta duten - arrapostu bakarra egin españarrek, su-odoletan eta ikara gorrian herria emanez, muga-gabeko indarkeriaz abertzaleak edo fede tzarreko jendeak milaka erahilez. Talde harmatuen desmasiak-beste, «Odolaren Tribunala»-k (1567), ez zuen oztoporik ikusten bostehun lagun egun bakarrean heriotzera bidaltzeko. Handik beretik, gero ta hobeki ikusi zuten biztanleek askatasun osoan zegoen bide bakarra, pakea, lana ta giza-eskubideak berriz irabaz ta segurtzekotz. España-ko erresuma urrunxka zegoen, eta inguruko indar- konstelazioa alde zeukaten herritarrek. Frantzi-ko Hugonoten sarraskiak (1572) ondorio larri izanik ere, Tudor erregegotik gero ta laguntza haundiagoa zedukaten (1585-eta). Utrecht-ko Batasun berriak (1579), askatasun-erabakia hartu zuen (1581), Espainia-ko «tiran eta krime- gileak» lehen-bai-lehen kanporatu behar zirela aldarrikatuz. Ezin-hetsia zen hoinbestez atera- bidea, gostarik-gosta askatasun betea lortzeraino (1648). Izurriteak behin eta berriz kolpatu- arren (1623-5, 1635-7, 1654-5, 1663-4), inoiz-inun ez ikusitako heinerat gora egin zuen Herri-behere-etako biztanleen bizi-moduak, lehengoa galdurik ere England-ko ahalmena gotortu egiten zen neurrian.



V

England haretan hain zuzen, oso lasterrean (XI-XII), eta normanden konkestaren ondorioz Errege-en gobernu ta administrazioa zabaldu ta gotorturik, oro bat jaun haundiak eta Eliza ahultzen ari ziren. Uriak eta merkatari-klasea hemekian hazten zirela, ahalik-eta denak elkartu ziren eta jazarri (1214-6, 1258-67), Errege'ren ahalmena mugatu-beharrean, zerga berriak gibelatuz, lege zaharrak errespeta-araziz («Magna Carta» 1215, «Provisions of Oxford» 1258, «Provisions of Winchester» 1259, «De tallagio non concedendo» 1275, «Confirmatio Cartarum» 1297). Hain haundiak ziruditen halatan lortutako eskubideak non Erromako Eliza-k eta Frantzi-ko Errege Saindua-k arbuiatu bai-zituzten, Errege-ren ahalmen berezia ez-deusten zutela (1216, 1261, 1264). Azkenean guda galdurik ere (Lewes 1264, Evesham 1265, London 1267), betirako elkartuak ziren zaldun tipiak eta merkatari haundiak, bai guda-zelaietan bai-ta Kontseilu Haundia-n, etorkizunerakotz parlementiaren bideak apailatuz (1239, 1259, 1265, 1297).

Nekazariak lur-komunak galtzen ari ziren, jaun haundi berrien ihizi-baso alimaleak eratzeko kendurik. Esandako gosete ta izurrite beldurgarriak erresuma guztietan zabaldu zirenean (XIV-XV), lan-kondizioak laxotu ziren baserri ta urietan, kapitalizgorako bideak zabalduz. Bas-herri eta urietako langileen matxinada haundia (1381) maltzurkeriaz ahuldu ta gogorkeria basaren pean lehertu-egin zuten, holako klase xumeen ahalmen eta egin-bideen mugak ager-araziz. Geroko irurehun urteetan laborarien jazarpen berriak errezago zapaldu zituzten, behin eta berriz erruki-gabeko mendeku izugarria jasanez, (azkeneko haundia 1685- an). Nekazarien zerbutzaritza bukaturik, -bigarrenaren zai bederen-, ez zuten jaun haundiek lurrak lehengoan bezela baliatzeko biderik. Lur-komunak gero ta neurri haundiagoan ordean beren ganatu zituzten (XV-XVIII, «Bills for inclosures of commons» egokien bidez gauzak legeztatuz). England-go lur guztien parte haundiena bere eskuetan zedukala ordurainokoan, galdu zuen Eliza-k bere jabego alimaleak «Act of Supremacy»-a emanez-gero (1534), bainan jabego heietan zituzten abantailak ere galdu egin zituzten bas-herritarrek (1534-9). Eskubide zaharrak ta lur-jabego tikiak gordetzeko Errege ta Parlementia saiatu-arren, (1489, 1533, 1627, 1638), gero ta lasterrik zabaltzen aurkako mogimendua. Lan-askatasuna gorde edo lortu-berria zutenek ez ziren halaz ere indarkeria hutsaren pean lanari lotzeko prest. Atzera- egiteko saioek neurri haundian huts-egin zuten («Statutes of Labourers», «Laws of settlement» eta holako, 1349, 1360, 1496, 1563, «Poor-Laws», 1530, 1547, 1563, 1572, 1597, 1601). Hala ere, langileen azkatasuna mugatzeko legeak ez ziren hoin laster bukatuko (1871).

Ehun urteetako guda galduz-gero, lur-jabe haundiek elkar ezerreztu zuten abantxu, Bi arrosetako liskarrean. Horrenbestez Tudor erregeak atera ziren neurri haundian garaile, esandako kondizioak errespetatzeko tan eta beren ahalmenaren mugak ezabatu gabe ororen buru. Ez zuen Errege-k zergak ere legez ateratzeko biderik, parlementiaren baietza lortu beharrean egonez. Bildutako administrazioaren ahalmena oso mugatua zen, lekuko kargudunen indarra konduratuta, «Self-governement» zelakoak lekuko egikera guztiak beti bere eskuetan zituelarik. Jujeek sustengatuko ohiturazko lege zahar eta parlementiaren lege berriek erregeren indar berezia gainditu zuten. «England-go konstituzioak feudu-ordrea eta common law delakoa ditu guraso». Muga horietatik ateratzeko, indar harmatu askoz- haundiagoak behar izan lituzke Errege-k. Inor ez zen, ordean, holako xede baterako diruaren emateko prest. (England-go herria hain errege-zale da, non beste nazio zibileztatu-ek baino errege gehiago aldatu, erbesteratu edo hil arazi bai-du). Eguneroko bizian ikasi dute ez dela inolako gobernuari fidatu behar, gehiegizko ahalmena eskuratu duelarik.

Britain-haundiko indartsuena zelarik, ez zuen England-go Erresuma-k indar harmatu haundien beharrik. Itsas-haraindikako erasoen baztertzeko ere, aski zitzaizkion itsasoaren jabegoa segurtatzeko behar ziren araberako itsas-ontziak. Alta, «itsas-ahalmena ez da egokia barruko edozein etsairen aurka baliatzeko». Horren gaitik, besteak-beste, Frantzi-ko Erregeren indar harmatuek «Fronda zapaltzen zuten ordu berean, Cromwell-en Model-Army zelakoak garaitzen zituen England-en Errege-ren gudari-talde xumeak» (EdgehillI642, Marston Moor, Newbury 1644, Naseby 1645, Preston 1648). Bi kasu berezi horietan, nagusitu zen, beti bezela, indar edo berdin indarkeria haundiagoa bere-zeukana.

Errege-ren zergak merkatuetan, ferietan eta batez ere itsas-portuetan ateratzen zirelarik, Burgundy-n bezain lasterrik ulertu zuten koroia-dunek produkzioa eta merkataritza zituztela aberestasun-iturri egokiena, eta askoz artexago zela denen aberestasun haundi tik halako zati tipia eskuratu, ororen ontasuna hondoratu-baino denen gabetasun eta miseriatik zati haundiegia kenduz. «Merkatarien menpean dago oraingoan Errege, haren parlementietan sartzen dire, haren Exchequer osoa heiek bakarrik hazten dute. England-en kanpoko- politigoa heientzat eginen da geroztikan». Bai-ta barnekoa ere, neurri haundian.

Errege-k, gilde eta korporazioek galdu zuten ekonomigoa hersteko ahala. Lan-egiteko askatasuna eta idei berriak asmatzeko ta erabiltzeko eskubideak segurtatuak zegozen («Statute of Monopolies» 1624). Ez ziren holako neurriak moral-printzipio abstraktu baten gaitik ezarriak, intres «zaban»-ren zerbitzurako baizik: konturatuak ziren hango ta orduko merkatari ta lantegi-jabe bihotz-gabekoak, lana mugatuz eta ideiak ebatsiz erresumaren aberestasun-iturriak legortzen zirela eta agortzen. Hortan ere datza herri atzeratuen eta aurreratuen arteko «gap» uste-gabekoa.

Denen buru, esandako iraultzak eta gudak-beste berriz ere izurrite beldurgarriak jasanik (1603, 1625, 1636-7, 1665, azkeneko hau London-go sualdiak garbitua), demokrazi modernura zeramaten pauso ohargarrienetakoak eginak zituzten. (Lehenago aipatutako legeak-beste: «Case of Prohibitions» 1607, «Case of proclamations» 1611, «Petition of Rights» 1628, «Grand Remonstrance» 1641, «Nineteen Propositions» 1642, «Habeas Corpus Act» 1679, 1816, «Triennial Act» 1664, «Bill of Rights» 1689, «Act of Settlement» 1701). «England-en bizirik dagon gauza lehena, herriaren nahimena dugu. Berak odola bidaltzen du gorpurtz politikoaren buru ta adar guztietara».



VI

Lasterrik hasia zen England-go gobernua barruko merkatua ixten, (1337), edo-ta, geroxean, muga-zerga berezien bidez gerizatzen, Frantzi-ko erregegoa ahultzekotz eta England-ko ardilearen esku-lantegiak indartzekotz. Flanders-ko ohial-lantegiak hil-zorian ikusiz, Gant-en berehalako matxinada jaiki zen. Ehun urteetako gudarako (1337-1458) kondizioak eta gudaelkargoak apailatuak zegozen.

Arraintza eta merkataritza zirela-ta, itsasoetako askatasun haundia lortu ta zaindurik zuten ordukotz («Intercursus Magnus» 1496), bainan itsaso ta koloni berrien geiengoa ere neurri haundiagoan eskuratu-nahiean, Bordelais-ko ardoak edo Britain Haundiaren ardilea karreatzeko monopolia bereganatu zuten ugarte aren haundiaren itsas-ontziek («Navigation Act» 1485, 1651). Hortikan, bide egokia eman zuten gobernariek Frantzi-ko Errege ren eraso nahiari, honek ere, merkantilizgoaren ikus-bidetik, gero ta gogorrago barneko merkatua ixten ari zelarik (1664, 1667). Berehalako ta bide beretik ihardetsi zuten Probintzi Bateratuek. Holako merkatu-liskarrek guda berrietarako lurraldea paratu zuten (1652-4, 1665-7, 1672-74, 1672-9). Joera berriak arbuiatzeko, herriek eta parlementiek beren samurgoa erakutsi zuten (Hage 1672, London 1670-4), aspaldikoan Gant-en (1337) egina zuten bezela.

Beste aldetik, «Frantzi ta España-ko erregeak akomeatu zirelarik Erromako Elizarekin erregego absolutuak eraikitzekotz, England-ko erregeek parlementiaren kidegoa on-hartu zuten Erroma-ko Eliza kanporatzekotz» (Act of Supremacy 1534). «Orduko bi erresuma katolik-ahaltsuak elkartu ba-lira haren lehertzeko, galdua zen erregego tikia. Habsbourg eta Valois-tarren arteko etsaigoak salbatu-egin ditu Tudor erregeak». Etsaien oreka gorde ta lagundu behar zelako ustegoa betirako atxikia zeukaten ugarte haundian, «Gods' own people» bikainaren onerako.



(Gero beretik).

Iruzkinak